Balmaseda – UGP eta gabonetako programazioa

Balmaseda – UGP eta gabonetako programazioa

Urtarrilak 2, 3, 4, 7, 8 - Umeen Gabonetako Parkea
Gabonak heldu dira. Urteko egun hauetan haurrak dira protagonista nagusiak, eta datozen egunetarako programatu diren jarduera asko eurentzat zuzenduta daude bereziki. Umeen Gabonetako Parkea urtarrilaren 2an, 3an, 4an, 7an eta 8an zabalduko da. Udal-pilotalekuan izango da eta goizez (11:30etik 14:00etara) eta arratsaldez (17:00etatik 20:00etara) egongo da irekita. Jaien azken egunean, arratsaldez, txokolate-jana eta pailazoak egongo dira, eta glutenik gabeko gailetak jateko aukera ere izango da. Aurreko edizioetan bezala, denetarik izango dugu: tailerrak, familia osoarentzako kirol-jokoak, zezen mekanikoa, puzgarriak, Wii kontsola, ohe elastikoak, etxeko txikienentzako psikomotrizitate espazioa, ludoteka, eskulanak eta adin guztietako haurrentzako jarduera pilo bat.
Abenduak 15 - Gabonetako mahaierdikoen lehiaketa eta erakusketa
AECC elkarteak Gabonetako mahaierdikoen lehiaketaren beste edizio bat antolatuko du, Gabonak ospatzeko. Ohi bezala, izen-ematea doakoa da, eta mahaierdiko bakoitza egiteko erabiltzen diren materialek gehienez ere 18 euroko balioa izan beharko dute. Gogoratu gorostiak erabiliz gero, mehaierdikoak deskalifikatu egingo direla. Parte-hartzea erabakitzen baduzu, kontuan hartu izena emateko bi egun daudela: abenduaren 15ean, 18:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 16an, 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 17:00etara, Klaret Antzokian. Epaimahaiaren erabakia abenduaren 16an emango da jakitera 19:30ean, eta sariak Klaret Antzokian bertan emango dira 20:15ean. Jarduerari amaiera emateko, Ana Suárezen haurrek Gabon-kantak abestuko dituzte sari-banaketaren ostean. Gabonetako mahaierdikoak antzokian jarriko dira ikusgai abenduaren 16tik 18ra.
Abenduak 17 - Gabonetako Kontzertua
Aurtengoan, Kolitza abesbatzak Gabonetako kontzertu tradizionala eskainiko du abenduaren 17an. Kolitza abesbatzaz gain, Azkoaga bandak eta Kolitza Gazte abesbatzak ere parte hartuko dute. 20:15ean izango da San Severino parrokian. Egun hauetako espirituan bete-betean sartzeko modurik onena.
Abenduak 23 - Go!azen
Abenduaren 23an, gazteentzako eta ez hain gazteentzako Go!azen musikala eskainiko du Glu Gluk Klaret Antzokian. Uda heldu da eta Basakabik ateak ireki ditu. Gazteak ilusioz beteta heldu dira, abestu, dantzatu eta primeran pasatzeko gogoarekin. Baina Zuzenek ez ditu gauzak erraz jarriko bere arau eta debekuekin. Hala eta guztiz ere, Elene eta Haizea bikiak maitemindu egingo dira. Baina arazo bat dago, izan ere, Mikelekin, udalekuko langileetako batekin, maiteminduko dira biak. Musikal honetaz zuzenean gozatzeko hitzordua 18:30ean izango da, eta 4 euroko prezioa izango du.
Abenduak 24 - Olentzero Balmasedan
Olentzerok ere gure jaietan parte hartu nahi du eta, ohi bezala, ez da faltako abenduaren 24an haur guztiekin daukan hitzordura. 18ak aldera aurkitu ahal izango dugu bere lagun magikoekin batera Hedegile eta Martin Mendia kaleetan; ordu erdi geroago San Severino plazan izango da haur guztiekin egoteko.
Abenduak 26 - Hator magiara
Hator magiara adin guztientzako magia-ikuskizuna da. Bertan, umorea eta parte-hartzea elementu oso garrantzitsuak dira. Magia ikusi, egin eta zure burua harritu nahi baldin baduzu, hauxe da zure aukera. Tor magoak gauza mordoa erakutsiko dizkizu abenduaren 26an, 18:00etatik aurrera, Klaret Antzokian. Sarrera bakarra egongo da adin guztientzat, eta 4 euro balioko du.
Abenduak 28 - Mari Kixkur eta Hiru hartzak
Mari Kixkur neskatxa bihurri eta alaia da, eta urre koloreko hile kizkurra dauka. Igande batean, gurasoekin haserretuko da bere eguneroko irakurri dutelakoan, hala, euren agindua desobeditu eta basoan sartuko da. Basoan hiru hartzen etxea aurkitu eta bertan igaroko du eguna, bere etxea izango balitz bezala. Baina hartzak etxera bueltatzen direnean, etxea hankaz gora dagoela eta ustekabeko gonbidatu bat daukatela ikusiko dute. XIX. mendeko ipuin klasiko hori taularatuko du Glu Glu antzerki-taldeak, ikuskizuna musika, dantza, komedia eta antzerki-joko askorekin nahasiz, ikusle guztiek goza dezaten. Ez ezazu galdu. Abenduaren 28an izango da, 18:00etan, Klaret Antzokian. Sarrera guztiek 4 euroko prezio bakarra izango dute.
Abenduak 30 - Kondaira baten truke
Abenduaren 30ean, Patata Tropikala konpainiak iratxoek urtero ospatzen duten Naturaren Jaiaz gozatzera gonbidatuko gaitu. Kondaira baten truke antzerki-lan honekin etxeko txikiek primeran pasatuko dute naturaren legeak eta errespetuaren eta partekatzearen balioak ezagutuz. Kolorea, irudimena eta umorea barra-barra. 18:00etan izango da, Klaret Antzokian. Sarrera bakarra: 4 euro.
Urtarrilak 5 - Errege Magoen desfilea
Errege Magoek ere ez diote euren hitzorduari huts egingo. Urtarrilaren 5ean, ekialdetik helduko dira haur guztiei harrera egiteko eta Gabon hauetako euren gurariak zeintzuk diren jakiteko. Erregeak 18:00ak aldera iritsiko dira San Severino plazara, Enkarterri etorbidetik eta Alde Zaharretik beren karrozetan desfilatu ostean.
Balmasedako I. Azoka Kulturala
Abenduan, Balmasedako Azoka Kulturalaren lehenengo edizioa egingo da, Udalak eta Alboanek antolatuta. Done Joane plaza aukeratu dute ekitaldia egiteko, hori baita gure hiribilduko jarduera kulturalaren gunerik garrantzitsuena. Egitaraua ostegunetik, abenduaren 15etik, igandera, abenduaren28ra, bitartean garatuko da. Antolatzaileek Euskal Herri osoko euskal kultura hurbildu nahi izan dute, bereziki, gure eskualdekoa. Horretarako, gustu eta adin guztientzako jarduerak egongo dira. Igandean, Berbalagun ekimena izango da protagonista, eta hainbat artistaren presentziaz gozatzeko aukera izango dugu, besteak beste Inma Roiz, Garilak 26 eta Alberto Iñurrategi.

Osteguna, abenduak 15
19:00: Aurkezpena. Kultur Etxean.
19:00: Josu Gómezen, Nepalen lasterketa liburuaren egilearen, hitzaldia. Kultur Etxean.
20:00: Batukada kaleetan zehar.

Ostirala, abenduak 16
19:00: Jon Arretxeren hitzaldia: Nobela beltzeko hiriak. Kultur Etxean.
20:30: Gabonetako mahaierdikoen lehiaketaren sari-banaketa eta Gabon-kantak Ana Suarezen ikasleekin. AECCk antolatua. Klaret Antzokian.

Larunbata, abenduak 17
11:00: Umeentzako tailerrak. Done Joaneko karpan.
11:30: Trueba Zentroaren hitzaldia: Zer da Enkarterri? Kultur Etxean.
12:30: Inma Roiz idazlearen Oro verde liburuaren aurkezpena. Kultur Etxean.
13:30: Musika zuzenean Garilak 26 taldearekin. Done Joaneko karpan.
13:30: Marbi garagardo-dastatzea. Done Joaneko karpan.
17:00: Ipuin kontalaria. Done Joaneko karpan.
18:00: Umeentzako tailerrak. Done Joaneko karpan.
19:00: Alberto Iñurrategiren hitzaldia Porrota-ri buruz. Klaret Antzokian.

Igandea, abenduak 18
11:00: Enkarterriko euskaldunen V. topaketa. Berbalagunek antolatuta
11:00: Bisita gidatua Balmasedan barrena, Berbalagunek antolatuta.
13:00: Aizkolariak. Done Joaneko karpan.
13:30: Gazta eta Egia Enea txakolin-dastatzea.
Done Joaneko karpan.
13.30: Txakolinaren historia Balmasedan. Done Joaneko karpan.
13:30: Trikitixa. Done Joaneko karpan.
15:00: Azokaren amaiera.

Irakurzaletasuna sustatzea umeentzat
Irakurtzeak handiago egiten gaituelako, Udal Liburutegiak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin ekintza bat antolatu du; etorri zaitez eta ondo pasatu irakurzaletasuna sustatzeko 4 eta 10 urte bitarteko umeentzat egingo dugun ekintzan. Jarduera hau doakoa da, eta azken saioak larunbatetan, abenduaren 17an eta urtarrilaren 14an, egingo dira, 11:30etik 13:30era.
Rodet Villa-ri buruzko erakusketa
Rodet Villa artista balmasedarraren estudioak berriz zabalduko dizkio ateak jendeari abenduko egun batzuetan, hain zuzen, 27tik 30era (biak barne). Oraingoan, ateak zabaltzeko egunetan marrazkiak eta poesiak egongo dira erakusketa ezagunean. Erakusketa ikusgai izango da 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara. Gogoratu ezazu, Villaren estudioa San Severino plazako 8. Zenbakian dago.

ZINEMA: HASTA EL ÚLTIMO HOMBRE
Abenduak 17, 22:30ean.
Abenduak 18 eta 19, 19:30ean.
Generoa: Akzioa, drama, thrillerra/ Zuzendaritza eta gidoia: Walter Hill/ Interpretazioa: Bruce Willis, Christopher Walken, Bruce Dern, William Sanderson, Alexandra Powers, David Patrick Kelly/
1931. urtea. Jericóra (Texas), erdi mamua den mendebaldeko herrira, Chicagoko gangsterrak baino ez dira heltzen. Ezezagun misteriotsu bat heltzen da, gaua igarotzeko leku baten bila. Bere buruari Smith esaten dio. Ospe arriskutsua hartuko du eta etsaiak diren bi banden arteko borrokan nahasita ikusiko du bere burua, eta bien menpe geratuko da.

Zinema: VAIANA
Abenduak 27 eta 29, 18:00etan.
Generoa: animazioa, abentura, komedia/ Zuzendaritza: Ron Clements eta Jon Musker/ Gidoia: Jared Bush, Ron Clements, John Musker, Pamela Ribon, Taika Waititi / Ikusle guztientzat.
Istorio hau Ozeaniako antzinako irletan gertatzen da. Vaiana nerabe ausart bat da eta ezinezkoa dirudien misio bati ekingo dio, bere arbasoek hasitako bilaketa bat burutzeko asmoarekin.

Keinu-hizkuntza ikastaroa
Urtarrilaren 9tik ekainaren 12ra, Balmasedako Gazteria Zerbitzuak (BalmaZ) keinu-hizkuntza ikasteko 140 orduko oinarrizko ikastaro bat eskainiko du. Tailer hori homologatuta dago (A1 eta A2), eta astelehen, astearte eta asteazkenetan eskainiko da, 20:00etatik 22:00etara. Gure hiribilduan erroldatuta dauden gazteentzako prezioa 175 eurokoa da. Informazio gehiago jaso nahi baduzu, hurbil zaitez Pío Bermejillo kaleko19. zenbakian dagoen Gazteria Bulegora.

Ikasteko teknikei buruzko tailerra
BalmaZek ikasteko teknikei buruzko tailer bat antolatuko du DBHko ikasleentzat. Abenduaren 26an, 27an eta 28an izango da, 10:00etatik 12:00etara, Emakumearen Etxean. Hiru saio horietan, eskola-emaitzak hobetzeko funtsezkoak iruditzen zaizkigun alderdiak landuko ditugu: motibazio eta autoestimuari buruzko ariketak, azpimarratzeko, eskemak eta laburpenak egiteko teknikak, gaiaren arabera ikasteko modu egokia, etab. Eman izena Gazteria Zerbitzuan.

Migratzaileen Eguna ospatzeko batukada
Ostegunean, abenduaren 15ean, Balmasedako kaleak animatzeko batukada bat egingo da pintxo-potean, eta txilibituak banatuko dira. Abenduaren 18an ospatzen den Migratzailearen Nazioarteko Eguna dela eta antolatu den sentsibilizazio-ekintza bat da.

Kulturarteko tailerrak
Immigrazio Arloak kulturarteko tailer batzuk antolatu ditu umeentzat, Emakumearen Etxean egingo direnak.
-Kulturarteko apainketak: abenduaren 26an 4 eta 6 urte bitarteko umeentzat, 11:00etatik 12:30era. Abenduaren 27an berriz ere egingo da 7 eta 10 urte bitarteko umeentzat, ordutegi berean.
-Munduko sukaldeak: urtarrilaren 3an, 3 eta 5 urte bitarteko umeentzat. Urtarrilaren 4an, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat eta hurrengo egunean 9 eta 10 urte bitarteko umeentzat. 11:00etatik 12:30era hiru egunetan.

Zaintzailea zaintzeko tailerra
Gaixo dauden pertsonak edo behar bereziak dituztenak zaintzen baldin badituzu, zaintzaileak zaintzeko tailer berri honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizugu. Abenduaren 19an izango da, 11:00etatik 13:00etara, ElkarWork Gunean. Beharrezkoa da aurretik izena ematea. Horretarako, jo ezazu Emakumearen Etxera edo Udaleko Bulego Orokorretara.

Masaje linfatikoa
Urtarrilaren 19an, masaje linfatikoko saioak eskainiko dira Emakumearen Etxean, goizeko ordutegian. Interesdunek hitzordua eska dezakete 946103099 telefono-zenbakian.
Saio horiek Berdintasun Zinegotzigoak neurri batean diruz lagunduko ditu, eta 3 euroko prezioa izango dute.
Doako aholkularitza juridikoaren ordutegia
Emakumearen etxean eskaintzen diren aholkularitza juridikoaren hurrengo doako saioak egun hauetan egingo dira:
- Abenduaren 19an eta urtarrilaren 9an eta 23an: 09:30etik 12:30era.
-Urtarrilaren 16an eta 30ean: 16:30etik 19:30era.
Aurretik hitzordua zehaztea ezinbestekoa dela gogorarazten dizuegu. Horretarako, deitu 946103099 telefono-zenbakira edo hurbil zaitez Emakumearen Etxera.

Emakumearen Etxeko ikastaro berriak
Berdintasun Sailak ikastaro berriak eskaini nahi ditu 2017ko lehenengo hiruhilekorako. Mugi zaitez; izan ere, plazak mugatuak dira eta eskolak urtarrilaren hasieran hasiko dira.
-Tai-xia: astearte eta ostegunetan emango da, 17:00etatik 18:00etara, urtarrilaren 10etik martxoaren 30era. Prezioa: 30 euro hiruhilekoa.
-Emakumeentzako defentsa pertsonala: ostiraletan 18:00etatik 19:30era. Urtarrilaren 13an hasi eta martxoaren 10ean amaituko da. Ikastaroa doakoa da, Berdintasun Sailak diruz laguntzen duelako.
-Adimen aktiboa: ostiraletan, urtarrilaren 13an, 20an eta 27an eta otsailaren 3an, 11:30etik 12:30era. Ikastaro hau ere diruz lagunduta dago.
-Txiki-Chef: ostiraletan 17:00etatik 18:30era. Otsailean, 4 eta 6 urte bitarteko haurrentzako izango da; martxoan, aldiz, 7 eta 11 urte bitartekoentzat. Diruz lagundutako ikastaroa.

500 euroko bi txartelen zozketa
Balmadendak 500 euroko bi txartel zozkatuko ditu Gabonetan bezeroen artean 2016ko abenduaren 5etik 31ra arte egindako erosketengatik. Parte hartzeko, bezeroak txartel bat bete beharko du bere datuekin. Zozketa notarioaren aurrean egingo da urtarrilaren 4an, asteazkena, 16:30ean Kultur Etxean.
Bonua elkartutako establezimenduetan kontsumitu beharko da 2017ko urtarrilaren 31 baino lehen. Establezimendu bakoitzean kontsumitu ahal den gehieneko zenbatekoa 100 € da; horrela, bonua, gutxienez, 5 establezimendu desberdinetan erabili beharko da.
Gabonetan, Balmasedan erostea sarituko da. Ez ezazu aukera hau galdu.

Gabonak kiroldegian
Errotarena Polikiroldegiak ere Gabonetarako jarduera bereziak egingo ditu. Abenduaren 17an, jai bat antolatu du uretako puzgarriekin etxeko txikientzat. 11:00etatik 13:30era izango da, eta nahi duten guztiak bertaratu daitezke.
Gainera, abenduaren 21ean Spin Bike-ko masterclass bana eskainiko dute 10:15ean eta 19:00etan. Klase berezi horietan sekulako berritasunak aurkeztuko dituzte.
Kiroldegian izena eman beharra dago. Ez itzazu galdu!

Lehenengo sorospenen eta desfibriladorea erabiltzen ikasteko ikastaroa
Hurrengo abenduaren 21ean oinarrizko lehenengo sorospenen eta desfibriladorea erabiltzen ikasteko ikastaro bat egingo da. Bi talde egingo dira; batek 15:00etatik
17:00etara jasoko du eskola eta besteak 17:00etatik 19:00etara. Plaza mugatuak dira eta gai horren inguruan interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago.
Ikastaroa doakoa da eta Balmasedako Udalak diruz lagundu du. Hala ere, beharrezkoa da abenduaren 19a baino lehen izena ematea ayto@balmaseda.eus helbidera posta elektroniko bat bidaliz.
Horrez gain, adierazi behar da hiru desfibriladore-ekipo erosi direla eta udal pilotalekuan, Mendia LHIn eta El Bosque BHIn jarriko direla.

V. Balmasedari Itzulia
Mendi Klubak abenduaren 18an antolatuko du V. Balmasedari itzulia. Izen-ematea doakoa da, eta bi martxa egongo dira: bat laburra eta bestea luzea; horrela, pertsona guztiek parte hartzeko aukera izango dute, adina edozein izanik ere. Martxa laburra 10 km-koa izango da, 550 m-ko desnibelarekin. Balmasedatik abiatuta Garbea mendia igoko da betiko ibilbidetik. Irteera 09:00etan izango da, udal-pilotalekuan.
Martxa luzea, aldiz, 23 km-koa izango da, 1000 m-ko desnibelarekin, eta Sabugal, Kolitza eta Garbea mendiak igoko dira. Irteera 08:00etan izango da, udal-pilotalekuan. Mugi zaitez, plazak mugatuta baitaude. Hurbil zaitez Mendi Klubera (info@balmasedamenditaldea.net, 946800646 telefonoan, astearte eta ostegunetan, 20:00etatik 21:00etara) eta esan agur urteari kirol eder honetaz gozatuz.

Umeek gosaltzeko janari-bilketa
Las Laceraseko nagusien egoitza eta eguneko zentroak, Asociación Virgen Milagrosa elkartearekin zuzenean lankidetzan −Bizkaiko Elikagaien Bankuaren erakunde laguntzailea−, janari-bilketa antolatu du Balmasedako umeen gosarirako. Gure hiribilduan, 600 lagun bano gehiago gose dira eta Elikagaien Bankuaren laguntza behar dute. Horietatik 280 umeak dira, eta eskolara doaz gosari eskas eta nutrizio txikikoa hartuta. Horregatik, ekimen horretan parte hartzera animatu nahi zaitugu. Bilketa Las Laceraseko egoitzan bertan egingo da, abenduaren 19an, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara. Animatu nahi zaituztegu txikiek gosari orekatua izan dezaten elikagai egokiak ekartzera; adibidez: Cola Cao, esne osoa, gailetak, azukrea, marmeladak, txokolateak, kakao-krema, ahiak eta Gabonetako gozokiak.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche aquí para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies